Este sitio Web utiliza cookies propias y de terceros con objeto de mejorar la experiencia de navegación. Si continúa navegando estará aceptando de forma expresa el uso de estas cookies. Puede obtener más información en nuestra página Uso de Cookies

Aurrera
 

Paisaia nabarmena

Urduñako paisaiari lehen aldiz erreparatzen zaionean, begi bistan gelditzen da lurralde hunkigarri eta egundokoa dela gurea. Behin eta berriz gozatzeko moduko eszenatoki aldakorra.

Denbora geologikoaren joan-etorrian, Gorobeleko harkaitz erraldoi eta estatikoak uko egin zion geldirik egoteari, eta elementuekin eta izaki bizidunekin ituna egin zuen, erraietatik abiatuta mugimenduz jantz zezaten.

Eta harrezkero, gailurretik bailarantz amiltzen dira, behin eta berriz, ura, hodei dantzariak, pago-hostoak eta putrea.

Gorobel mendilerroa

Urduñak Gorobel Mendilerroaren babesean hartzen du atseden. Gorobel Mendilerroa, 25 km-ko harresi natural itzela, Bizkaiko eta Euskadiko postal ederrenetakoa osatzen duena.

Gorobelek euskal lurrak zaintzen ditu, bere behatoki eta talaia naturaletatik:Fraideburu, Txarlazo, Txolope, Solaiera, Bedarbide, Iturrigorri, Ungino eta Eskutxi.

Gailurrez gailur dabilen ibiltariak mendi-hegaleko basoan, bailarako belardietan eta gailur txikiagoetan pausatzen du begirada. Eta jakin badaki historiaz eta berezitasunez betetako paisaiak eta lurraldeak arakatzen ari dela.

Nerbioi ur jauzia

Bisitari gehien erakartzen dituena da, baina ez Gorobel Mendilerroko bakarra. Indar biziz agertzen denean, beste hamaika jauzi azaleratzen baitira harekin batera harkaitzetik, hari konpainia eginez. Bai, ikuskizun paregabea da. Baina paregabea den guztia bezalaxe, ez da agertzen guk nahi dugun guztietan. Euri garaian agertzen zaigu bereziki. Neguan eta Udaberrian. Baina gerturatu zaitez ahal duzun guztietan bere begiratokira, txundituko zaitu eta.

Laino Opila

Gorobel Mendilerroko paisaia aldakorrean, ur jauziak ez ezik, hodeiak ere agertzen dira. Eta hodei horiek izen berezia dute: Laino Opila. Izan ere, olatu bigun eta harro baten moduan agertzen dira, mendilerroan surf egingo balute bezala, eta bailararantz jausten dira, mendi-hegalaren erdialdera arte. Han, Urduña eta Aiara laztandu ostean, berriro jaso eta goiko lautadara bueltatzen dira.

Laino Opila eder eta misteriotsu agertzen da, argazkirako prest. Eta ikuskizun dotorea eskaintzen digu, guztia bilduz, baita gu geu ere.

Pagadia

Udazkenean, pagoak tapiz biguna osatzen du bere oinetan, artean jantzirik zegoenean bere hostoekin babesten zuen arrokaren gainean. Urre-koloreko urtaroan, Gorobelek pagadiaren magia eskaintzen digu. Zatoz, eta udazkeneko koloreek sorgindu zaitzatela. Zure begiei urteko ikuskizunik ederrenetakoa eskainiko dieten kolore okre eta gorrixka distiratsuak.

Eta gainerako urtaroetan ere, baina zaitez pagadian. Udaberriko arintasun lotsatian, udako berdetasun oparoan eta neguko biluztasun malenkoniatsuan.

Natura babestua

Gorobel Mendilerroa magiaz betetako lurraldea da, eta magikoak dira ere bertan bizi diren izakiak. Ornodunen 200 espezie baino gehiago, bertako flora anitz eta bereziarekin armonian bizi direnak.

Batzuk ezkutatu egiten dira, geldirik gelditzen dira gure pausuak nabaritzen dituztenean. Gailurretako uhandreak, arrabioak, lepazuriak, tximeletak, eta baita orkideak ere. Harrapariek, ordea, hegan egiten dute gure gainean, beldurrik gabe.

Gorobel lurralde bizia da, eta bertako flora eta fauna altxor handia dira. Naturaren erritmoak aurrera jarraitzea ahalbidetzen duen altxorra, guztioi gozarazten diguna.

Birding

Natura maite duten pertsonentzat, eta bereziki hegaztiak atsegin dituztenentzat, Urduña altxor handia da. Gorobel Mendilerroak hegazti-dibertsitate handia du, eta horrek bisitarien arreta erakartzen du. Zabaldu ongi begiak, eta adi, “Birding Euskadi” lurraldean zaude.