Este sitio Web utiliza cookies propias y de terceros con objeto de mejorar la experiencia de navegación. Si continúa navegando estará aceptando de forma expresa el uso de estas cookies. Puede obtener más información en nuestra página Uso de Cookies

Aurrera
 

MENDIKO IGOERAK

Mendizalea bazara, Bizkaiko lurraldeko gailur bereizgarrienetako bi dituzu Urduñan: Txarlazo eta Iturrigorri.

Zailtasun ertaineko bi gailur horiek zeure gailur gogokoenen zerrendan ez badaude, gailurrera iritsi bezain laster sartuko dituzu. Inolako zalantzarik gabe oso gustuko izango dituzun bi igoera horiek nola egin azalduko dizugu.

TXARLAZO - Birding ibilbidea

Ibilbide honen trazatuan, meseta eta Kantauriko portuak lotzen zituzten bide komertzial historikoetako bat daukagu.

Igoera Antiguako santutegian hasten da, eta lehenengo panela aurkituko duzu bertan.

Hegaztien behaketarako ibilbidea denez, seinale gorriak eta zuriak ditu. Izan ere, Salbada mendizerra paradisua da hegazti harkaiztarrentzat, baina batez ere, belatz handiarentzat, sai zuriarentzat edo sai arrearentzat, ikusgarrienak eta ezagunenak aipatzearren.

Magalean, pagadian barruratu eta bertako gerizpeaz zein edertasunaz gozatuko duzu edozein urtarotan, mendizerrako hormetan gora zoazen bitartean. Bidean, Goldetxoko iturria aurkituko duzu, eta bertako ur ezin freskoagoari esker indarberritu egin ahal izango zara.

Gailurrera iristen zarenean, 927 metroko altueran egongo zara, eta bailarako zein inguruko gailurretako ikusmirez gozatu ahal izango duzu Txarlazoko benetako ikurra den Urduñako Andre Mariaren monumentutik.

Wikiloc deskargatu

ITURRIGORRI/TOLOGORRI - Gorobel-Salbadaren branka

Igoera Lendoñogoitiko herrian hasten da, eta, bertan, zeure autoa uzteko aparkalekua aurkituko duzu.

Ibilbide honetan seinalerik ez badago ere, bidebanaketa edo bidegurutze bakoitzean, jarraitu beharreko norabidea aurkituko duzu mugarrien bidez markatuta. Nahikoa igoera jendetsua da asteburuetan eta jaiegunetan.

Iturrigorrik edo Tologorrik, horrela ere esaten diote, 1.068 metro ditu, eta itsasontzi ikaragarri baten brankako irudia gogorarazten digun egundoko irtengune harkaiztsua du goiko aldean. Inguruan darion iturriari zor dio izena, eta sekulako saria izango da zure eztarriarentzat.

Ibilbidean, pago-masa gurutzatu eta Ibilbide Beltz ospetsura irtengo zara. Bertan, apurka-apurka egingo duzu gora mendizerran ireki eta bailararantz erortzen den bide estuan zehar. Ikusmirak eta gozamena paregabeak dira.

Igoerak bi ordu dirau gutxi gorabehera. Mendiko gailurrera iristea beti atsegingarria bada, Iturrigorriren kasuan sentsazio berezia ere sumatzen da, badirudielako euskal lurraldetik euskal bailarak eta lurrak begiztatzen dituen itsasontziko lema daramazula. Izan ere, Iturrigorriko gailurra Urduñako lurraldekoa, hau da, Bizkaikoa eta, horren ondorioz, Euskal Herrikoa den bakarra da, Salbadako gailur guztiak kontuan hartuta.

Igoerako bidetik itzuli nahi ez baduzu, badaukazu gailurretatik jarraitzerik eta Iturrigorri bera magalez magal zeharkatzerik. Esperientzia eta gozamena erabatekoak izango dira.