Inolako zalantzarik gabe, naturan eta bertako paisaian barruratzeko modu onena oinez ibiltzea da, eta Urduñak zein bertako inguruneak hori egiteko zenbait era eskaintzen dizkizute. Botak jarri baino lehen, zer ingurunetan egin ahal izango duzun jakin ezazu.
Urduña bailara irekiaren hondoan dago kokatuta, eta, Gibijo mendizerrak zein Salbada mendizerrak inguratzen dutenez, oso-oso bertikalak diren bi barrera menditsu horiek ia-ia itxitako kubeta handia dela esan daiteke. Ondoren proposatzen dizkizugun ibilbideei esker, NATURA 2000 Sarea osatzen duten eremuetatik mugituko zara. Sare hori, hain zuzen ere, ingurumeneko aberastasunaren nazioarteko aitortza da.
Geure ingurunean, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) bi ditugu: Salbada mendizerra eta Santiago mendia; eta hiru BIL edo Batasunaren Intereseko Leku: Santiago mendia, ARKAMO-Gibijo-Arrastaria eta Menako bailara.
Balio ekologiko handiak eta era guztietako habitatak dituenez, zenbait hegazti harkaiztarrek euren habiak egiten dituzte Salbada mendizerran, eta, horren ondorioz, Birding Euskadi sareko hegaztien behaketarako eremuetako bat da. Zeure prismatikoak eraman ibilaldian!
Ibilbideotan zehar, egitate historikoak ere ezagutuko dituzu; esate baterako, Gerra Zibileko fronteen kokapena edo ibilbide luzeko merkataritza-bideak nondik zihoazen, mendeetan Erdi Aroko euskal hiribilduen garapenean eta goren unean zeresana izan zutela kontuan hartuta.
Bestetik, bi mendizerretako gailurreria leku paregabea da, zailtasun txiki-moderatuko trekkinga egiteko. Oinkada bakoitzean eta gailur bakoitzean gozatuko duzu, eta, bertan, benetako talaiak izango dituzu zain: San Pedro-Askuren, Txarlazo, Bedarbide, Iturrigorri, Ungino eta Eskutzi.
Edonola ere, bi mendizerren elkargunea leku harrigarriena eta eskatuena da, inolako zalantzarik gabe. Bertan, euritean, Nerbioi amiltzen da, eta mendebaldeko Europa osoko ur-jauzi garaiena sortzen da. 270 m-tik gorako jauskera Arrastariako bailaran, benetako ikuskizun naturala. Bi ibilbide proposatzen dizkizugu, Nerbioiko ur-jauziaren goiko aldera iristeko: batetik, Arabako lurraldetik; eta, bestetik, Burgoseko lurraldetik.
Era berean, Ruzabalgo magal, bailara eta herrixka urduñarrek mendi-ibiliak modu irisgarrian eta zenbait zailtasun-mailaz egiteko aukerak eskaintzen dizkizute, honako hauexen bidez: Urduñako tokiko ibilbideen sarea edo Nerbioiko ibilguan zehar beheko aldean barruratuko zaituen Delikako Arroilako Ibilbide Berdea.
Ikusten duzunez, hainbat eta hainbat aukera dituzu, eta zeure nahierakoa aurkituko duzu haien artean.
Wikilocken dugun profilean sartu eta zeurea aukeratu!