Este sitio Web utiliza cookies propias y de terceros con objeto de mejorar la experiencia de navegación. Si continúa navegando estará aceptando de forma expresa el uso de estas cookies. Puede obtener más información en nuestra página Uso de Cookies

Aurrera
 

Urduña

Lurralde berezi, paregabe eta harrigarri bat ezagutzear zaude: URDUÑA.

Urduña Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dago, eta bertako kultura eta tradizioak, historia eta paisaia bere egiten ditu. Jomuga turistiko ezinbestekoa da, Euskadi berde eta naturalenaren baitan.

Bizkaiko lurrak Arabako eta Gaztelako lurrez inguratuta, irla geografiko bat osatuz. Berezitasun horrek definitu izan du Urduñaren eta bertako jendearen idiosinkrasia historian zehar.

1229an sortu zenetik XIX. mendera arte, kokaleku estrategikoa izan zen defentsaren eta merkataritzaren ikuspuntutik. Aduana-hiribildu honek hiri titulua du XV. mendeaz geroztik, eta Bizkaian titulu hori duen bakarra da.

Iragan garrantzitsu horrek aztarna utzi du herrigune historikoan, eta 1997az geroztik Multzo Historiko-Monumental izendatuta dago.

Urduñak Erdi Aroko hirigintza du, eta kale guztiak Foruen Enparantzara biltzen dira, hiriaren gune nagusira. Zalantzarik gabe, urduñarrak biziki lagunkoiak dira horren ondorioz eta kaleko bizitza maite dute.

Baina herri-inguruneari landa-eremua ere gehitu behar zaio, Larruazabalgo Batzarra deritzon komunitatea osatzen duten lau herrixkak. Honako hauek: Lendoñogoiti, Lendoñobeiti, Mendeika eta Belandia, Gorobel Mendilerroaren oinetan kokatuta daudenak. Bertako paisaia harrigarriaren parte dira lurrari lotutako jardueretatik bizi diren pertsonak; baserri, tenplu, ermita eta errotetan ondare etnografiko baliotsua mantendu duten urduñarrak.

Herrigune historiko ederra, Euskadiko paraje natural eder eta hunkigarrienetako batean, Gorobel Mendilerroan. Gehiago eska al daiteke? Bertako produktuez osatutako eskaintza gastronomiko aparta, abentura, kirola, bainuetxe-hotela… egun batzuk merezi duzun bezala pasatzeko behar duzun guztia.

Zatoz Urduñara, eta goza ezazu herri historiko eta berezi honetan, leku eta txoko harrigarriz inguratuta. Webgune honetan hainbat proposamen aurkituko dituzu horretarako. Aukeratu gehien gustatzen zaizuna, eta ezagutu lurralde hau. Arrastoa utziko du zugan.

URDUÑARRA, BIZI ESTILO BAT?

Urduñarrek badakite ingurune honetan bizitzea eta bertako historiaren eta ondarearen oinordeko izatea pribilegio handia dela, eta horri esker bizitzeko modu propioa dute, elkarrekin erlazionatzeko modu berezia. Bizi ezazu estilo hori bisitan etortzen zarenean, murgildu paisaian eta naturan, eta egin bat jendearekin, Urduñako poteo herrikoian. Gozatu egonaldiaz!

Gozatu egonaldiaz!!